Gaur konturatu naiz urte bete baino gehiago daramadala blogean idatzi gabe. twitterren hainbat txio egin ditut, indarkeria matxistaren inguruan, eta jaso dudan erantzunetako batek zera zioen: “ados, blog bat behar duzu ordea”.
Dena hemendik abiatu da:
“Indarkeria matxistak laugarren emakumea hil du bi egunetan Estado Españolean. #MachismoAsesina eta #4mujeresen48horas HTak bultzatu dituzte”.
Hortik aurrera hainbat txio botatzen saiatu naiz, gaur goizean esnatu, berria twitterren ikusi eta burutuik pasa zaidan kontu batekin, betiko moduan, lotura duena bueltaka izan ditudan pentsamendu batzuekin, eta gehien bat hainbat lagunekin izandako elkarrizketekin, bereziki mugimendu feministan aritzen diren emakume batzuekin izandakoekin.
Harritzen nau indarkeria matxista sektore askotan konsensu gehiena lortzen duen gaietako bat dela, langabezia edo ustelkeriaren pareko. Ikusgarriak dira gaitzespena eta kondena eta zenbat jende biltzen den halako gertakarien aurrean. Hau eskertzekoa da, eta mugimendu feministek lan handia egin dutela esango nuke gai hau mahai gainean jartzeko, eta horren inguruko ulermen markoa eraikitzeko, hori lorpen handienetarikoa dela esango nuke.
Edonola ere, edozer gatazka edo aldarrikapen politikotaz ari garenean, ohikoa izaten da, bereziki herri mugimenduen esparruan mugitzen garen eragileok zein alderdi politikoek haien proposamenak egitea. Nola konponduko dugu langabezia? Hor daude irtenbide liberalak, badago lanaren banaketaren proposamena, badago lanaldi murrizketa… Krisia? Zorraren audientzia publikoa, bankuak ez errekatatzea, fiskalitate progresiboa… Etxe kaleratzeak? Okupazioa, babes ofiziala, dación en pago delakoa… Ez nago proposamen hauek baloratzen, esaten dudana da mugimendu ezberdinetatik proposamen ezberdinak sortzen direla, eta baita horrek eztabaida eta talkak ekarri ere.
Aldiz, indarkeria matxistaren inguruan gabiltzala, proposamenak orokortzera jotzen dute: patriarkatuarekin amaitu, gizarte eredu ezberdina bultzatu, hezkuntzan eragin… Denak ala denak beharrezkoak, eta ez da lan makala batzuek hartu dutena (lehen esan bezala) hainbat mugimenduk indarkeria matxista marko horretan kokatzeko. Baina eta proposamen zehatzak? Non daude? Zergatik ez dago apenas gatazka edo eztabaidarik honen inguruan herri mugimenduetan?
Esango nuke mugimendu feministen baitan eta haien artean badirela proposamen ezberdinak eta ondorioz talkak ere batzuetan gai honen inguruan egiten diren proposamenen inguruan. Horrek adierazten du horretan dabiltzala, mahai gainean dutela gaia. Beste mugimendu batzuetan halakorik ez egoteak adierazten du hain zuzen ere ez dugula mahai gainean, edo soilik larritasun berezia duten gertakariek kokatzen dutela gure mahaien gainean. Eta horrela azkenean egin dezakeguna hitz handiak esan, kondena irmoak egin eta kasurik onenetan, amorratu.
Beldur naiz ez ote garen “feminismoa” bandera bezala hartzen ari errazegi. Esan nahi dut “ideia on bat” edo “aporte teoriko interesgarria” balitz bezala. Irakurketa ezberdin ugari daude, baina egia da ibilbide oso luzeko mugimendu politiko iraultzailea dela feminismoa, eta nik uste horrela tratatu beharko genukeela. Horrek eraman gaitzake hobeto ikustera izaera politikoa duen mugimendua dela, eta beraz kontua ez dela identitate mailan “ni feminista naiz” esatea, baizik eta jardun feminista politikoan dabiltzan elkarte, talde eta pertsonen proposamenak entzun eta aintzat hartzea, indartzea, bultzatzea. Eta egindakoa aitortuz, mugimendu horiek eztabaida hauen erdigunean daudela onartzea, bai analisi mailan, bai proposamen mailan. Ideia hau duela gutxi mugimendu feministako lagun batek komentatu zidan/eztabaidatu genuen, eta oinarrizkoa iruditzen zait. Feminismoa bandera bezala bai, baina eta feministak? Ze kasu egiten diegu?
Amorruak eta minak kolpatzen gaituzten uneetan ezinbestekoa delako gure proposamen politikoen sakontasuna (eta kasu honetan bereziki zehaztasuna) kritikoki aztertu eta kolokan jartzea, kondena hutsean ez geratzeko, horregatik nahi nuen burutapen kolektibo hau idatziz jarri, lagun batek esan duen bezala, aireak eraman ez dezan…










