Gaur konturatu naiz urte bete baino gehiago daramadala blogean idatzi gabe. twitterren hainbat txio egin ditut, indarkeria matxistaren inguruan, eta jaso dudan erantzunetako batek zera zioen: “ados, blog bat behar duzu ordea”.

Dena hemendik abiatu da:

“Indarkeria matxistak laugarren emakumea hil du bi egunetan Estado Españolean. #MachismoAsesina eta #4mujeresen48horas HTak bultzatu dituzte”.

Hortik aurrera hainbat txio botatzen saiatu naiz, gaur goizean esnatu, berria twitterren ikusi eta burutuik pasa zaidan kontu batekin, betiko moduan, lotura duena bueltaka izan ditudan pentsamendu batzuekin, eta gehien bat hainbat lagunekin izandako elkarrizketekin, bereziki mugimendu feministan aritzen diren emakume batzuekin izandakoekin.

Harritzen nau indarkeria matxista sektore askotan konsensu gehiena lortzen duen gaietako bat dela, langabezia edo ustelkeriaren pareko. Ikusgarriak dira gaitzespena eta kondena eta zenbat jende biltzen den halako gertakarien aurrean. Hau eskertzekoa da, eta mugimendu feministek lan handia egin dutela esango nuke gai hau mahai gainean jartzeko, eta horren inguruko ulermen markoa eraikitzeko, hori lorpen handienetarikoa dela esango nuke.

Edonola ere, edozer gatazka edo aldarrikapen politikotaz ari garenean, ohikoa izaten da, bereziki herri mugimenduen esparruan mugitzen garen eragileok zein alderdi politikoek haien proposamenak egitea. Nola konponduko dugu langabezia? Hor daude irtenbide liberalak, badago lanaren banaketaren proposamena, badago lanaldi murrizketa… Krisia? Zorraren audientzia publikoa, bankuak ez errekatatzea, fiskalitate progresiboa… Etxe kaleratzeak? Okupazioa, babes ofiziala, dación en pago delakoa… Ez nago proposamen hauek baloratzen, esaten dudana da mugimendu ezberdinetatik proposamen ezberdinak sortzen direla, eta baita horrek eztabaida eta talkak ekarri ere.

Aldiz, indarkeria matxistaren inguruan gabiltzala, proposamenak orokortzera jotzen dute: patriarkatuarekin amaitu, gizarte eredu ezberdina bultzatu, hezkuntzan eragin… Denak ala denak beharrezkoak, eta ez da lan makala batzuek hartu dutena (lehen esan bezala) hainbat mugimenduk indarkeria matxista marko horretan kokatzeko. Baina eta proposamen zehatzak? Non daude? Zergatik ez dago apenas gatazka edo eztabaidarik honen inguruan herri mugimenduetan?

Esango nuke mugimendu feministen baitan eta haien artean badirela proposamen ezberdinak eta ondorioz talkak ere batzuetan gai honen inguruan egiten diren proposamenen inguruan. Horrek adierazten du horretan dabiltzala, mahai gainean dutela gaia. Beste mugimendu batzuetan halakorik ez egoteak adierazten du hain zuzen ere ez dugula mahai gainean, edo soilik larritasun berezia duten gertakariek kokatzen dutela gure mahaien gainean. Eta horrela azkenean egin dezakeguna hitz handiak esan, kondena irmoak egin eta kasurik onenetan, amorratu.

Beldur naiz ez ote garen “feminismoa” bandera bezala hartzen ari errazegi. Esan nahi dut “ideia on bat” edo “aporte teoriko interesgarria” balitz bezala. Irakurketa ezberdin ugari daude, baina egia da ibilbide oso luzeko mugimendu politiko iraultzailea dela feminismoa, eta nik uste horrela tratatu beharko genukeela. Horrek eraman gaitzake hobeto ikustera izaera politikoa duen mugimendua dela, eta beraz kontua ez dela identitate mailan “ni feminista naiz” esatea, baizik eta jardun feminista politikoan dabiltzan elkarte, talde eta pertsonen proposamenak entzun eta aintzat hartzea, indartzea, bultzatzea. Eta egindakoa aitortuz, mugimendu horiek eztabaida hauen erdigunean daudela onartzea, bai analisi mailan, bai proposamen mailan. Ideia hau duela gutxi mugimendu feministako lagun batek komentatu zidan/eztabaidatu genuen, eta oinarrizkoa iruditzen zait. Feminismoa bandera bezala bai, baina eta feministak? Ze kasu egiten diegu?

Amorruak eta minak kolpatzen gaituzten uneetan ezinbestekoa delako gure proposamen politikoen sakontasuna (eta kasu honetan bereziki zehaztasuna) kritikoki aztertu eta kolokan jartzea, kondena hutsean ez geratzeko, horregatik nahi nuen burutapen kolektibo hau idatziz jarri, lagun batek esan duen bezala, aireak eraman ez dezan…

Sarritan notizia baten atzetik etortzen den hitz jarioak eta tinta-isuri etengabeak erreakzio ezberdinak sortzen dizkit. Batzuetan isildu eta isolatzeko gogoak. Beste batzuetan ozen hitz egitekoak… Urriaren 20aren ostekoen ondoren, sentitzen dut, baina nik ere zerbait esan nahi dut, nahiz eta jakin ez dela bidezkoa larregizko hitz jario honen kontestuan. Nik zera esan nahi dut:

Utz ditzatela armak.

Oraindik zain gaude herri honetan eta mundu zabalean indarkeria baztertu eta askatasuna hedatzearen alde gauenok. Oraindik zain gaude duela denbora asko, larregi, izen eta abizen gutxi baina sigla garbiak dituen erakunde batek egin behar zuen adierazpenari.

Amerikar Psikiatria Elkartea (Ingelesez A.P.A. Laburtua) erakunde terroristak ez digu oraindik adierazi bere ekinaren etena, ezta are gutxiago disoluzioa. Are gehiago, ez du oraindik inolako asmorik adierazi “genero disforia” bezala definitu zutena gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatzeko. Eta hau erabat beharrezkoa da gizarte hau bakera, askatasunera eta errespetura bideratzeko. Ez beraien biktima zuzenenek (trans pertsonek) hala behar dutelako, ez. Jendarte osoak hala exigitu behar duelako aipatu helburuak bete nahi baditu: Askatasuna, errespetua, bakea.

Eta hori betearaztea, gure gizarteetatik behin betiko zikinkeria hori baztertzea denon betebeharra den heinean, jo dezagun dena eskatzera: Utz ditzatela armak. Ez dezatela gehiago medikuntza jendearen identitatea definitzeko erabili, ez eta psikologia gizabanakoen bizitza-aukerak patologizatzeko, genetika itotzen gaituen sexu-genero ordenu zurruna mantentzeko.

Utzi ditzatela armak. 2011Ko urri honetan mundu osoan hainbat eta hainbat gizabanako eta eragilek eskatzen diegu. Indarkeriak seinalatu eta zerrendatzeko une hona izan daiteke. Hona hemen bat. Gehitu zurea.


STP-2012 Stop Trans Pathologization kanpainaren webgunea

Nor ez dago urduri egunotan (urteotan esan beharko nuke again) Euskal Herri honetan gertatzen diren hainbat konturekin? Again “urduri” ez da hitza, “adi” esan beharko nuke gehiago. Uste dut urduri egoteko arrazoi eta motiboak ez direla hainbeste. Azken finean, zenbat aldiz pentsatu izan dugu gure herriaren egoerak jira ikaragarria eman behar zuela egun batetik bestera? Askotan, nik behintzat, eta Peter Pan sindromeak sindrome, gaztea naiz oraindik.

Adi egoteko motiboak egon badaude, ordea. Gauzak aldatzen ari dira, eta asko. Hemen eta beste edonon eta etengabe. Adi egotea eskatzen digu egoera sozialak, egoera politikoak. Bueno, kontua da adi egote horretan, bi ekitaldi ikusi ditudala oso denbora gutxian. Lehenengoa Soraluzen burutu zen Matxinsalto eguneko egitarauaren baitan, bigarrena Aberri Eguneko ospakizunetan Gernikan eguerdian egindakoa.

Nik jada ez dakit oso ondo zein den halako ekitaldi baten helburua, hainbeste nahastu dira gauzak, hainbeste nahastu dituzue, posmodernook. Baina jakin badakit beraien arteko ezberdintasunak (ezberdintasun logikoetaz aparte) asko (eta baliteke larregi) zirela.

Soraluzekoa ekitaldi ausarta eta desastrea izan zen. Baliabide teknikoek (mikroek, soinuak…) kale egin zuten hainbatetan halako kasuetan askotan gertatzen den bezala. Baina hala ere ekitaldia ederto ulertu zen. Ez dut deskribatuko, hobe begiratu hemen:

Bueno, kontua da ekitaldiak egunean zeharreko aldarrikapenari ondo erantzuten ziola. Oso polita izan zen egun osoan zehar ikustea nola zintzilik zeuden pankartetan lema eta mezuak berriak ziren, ez agian berritzaileak (ez dugu halakorik behar) baina bai berriak, betikoak ez behintzat. Irudimenez paratuak, behintzat. Ekitaldiak ere horri jarraitzen zion. Ziur aski ez zituen betiko gauzak esaten, eta ziur ez zituen betiko bezala esaten. Eta gainera nolabait partehartzailea izan zela iruditu zitzaidan, jendea saltoka, oihuka…

Tontoa neu, emozionatu egin nintzen, eta handik 36 ordutara Gernikan nengoela Independentistak sareak (oso ondo) antolaturiko eguerdiko ekitaldia ikusten (Txalaparta-Aurkezle-Bertsolari-Bertsolari-Aurkezle-Musikari-Aurkezle-Hizlari-Aurkezle-Musika, fini) faltan bota nuen berrikuntza apur bat besterik ez bada ere. Garai berriak omen dira, baina hemen ekitaldiak ia-ia Telesfororenak bezalakoak izaten jarraitzen dute…

Eta asko haserretuko ninduke pentsatzeak adin kontua dela. Alegia, gazteek egin ditzaketela halako ekitaldi irudimentsuak badakitelako beste gazteek ulertu eta gustoko dituztela. Eta publiko orokorrari zuzendutakoak berriz, ba era klasikoan egiten dira inor asaldatu ez dadin. Ba nik uste dut ezetz. Apika larregi esatea da, baina esango nuke hainbat jende ez-hain-gaztek gustora ikusi edo entzungo zukeela zerbait berria ekitaldi horietan. Ez dela gazteria goraipatu behar edozertarako prest dagoen “publiko” bezala, baizik eta badela garaia denon artean bestelako lengoaia kolektibo bat sortzeko ekitaldi politikoen inguruan. Bestela, baliteke nor edo nor aspertzea.

Pentsatu dut, nola aspaldi ez dudan ezer publikatzen, hasteko, azkenaldian musikazuzenean webgunean publikatu ditugun hainbat kronika hona ekarriko nituela. Hemen dituzue: petti ta los reyes del KO-rena , hankautsikena >, tragedy eta hell divisionena , seein red eta extortionena , PAMena , napoka iriana eta nomeansno-rena .

Bide batez, aipatzea kafea eta galletak -eko jendea prestatzen den egitasmo baterako nere aportazio txikia ere idatzia dudala… Ea ondo irtetzen den!

elkar

Agian izenen bat jarriko didate hau esateagaitik, baina nik gorroto ditut elebitan idatzitakoak. Liburuen edizio elebidunak, aldizkari elebidunak, anuntzio, pankarta eta kartel elebidunak… Ez ditut agoantatzen. Eta ez dut esaten ez direnik beharrezkoak askotan, ez diotenik bidea irekitzen euskalduntzeari, ez. Oso ondo deritzot Aekak (ez dakit nola idatzi hau, AEK-k, AEKk edo nola…) bere matrikulazio kanpaña abiatzean publizitatea euskaraz zein erdaraz (Frantzes edo Espainiarrez) egitea. Euskaraz ulertzen ez duten horiei ere zuzentzen zaizkie, eta hori beharrezkoa da.

Baina uste dut (eta hainbat autorek horrela adierazi dute) elebitasun hitzak ez duela zentzu askorik gure herri txiki honetan. Diglosia hitza bereganatu dute hainbatek fenomeno hau esplikatzeko. Hau da, ele bat baino gehiago dauzkagu Euskal Herrian, baina hauek non eta nola erabili ez dago gure aukera askearen esku. Hizkuntza bakoitzak bere eremu espezifikoak ditu eta biak (edo hobe esanda haietako bat, asmatu zein) ezin daitezke edonon eta edonoiz erabili. Bueno, hau oso xinpleki azalduta.

Baina zertara datorren kontu guzti hau? Duela egun batzuk etxean jaso dugu Elkar liburu eta disko etxeak argitaratzen duen aldizkariaren 22. zenbakia. Nik egia esan ez nuen inoiz ikusia aldizkari hau, baina ikusi dudanak dexente harritu nau. Aldizkari bilingüe hoietako bat dela esan dezakegu, euskaraz zein espainiarrez hainbat liburu eta diskoren berri eman eta artikulu eta elkarrizketa batzuk dakartzana.

Ni literatura mailan oso aditua ez izanik, musika atalean topatutakoaz harritu naiz gehiago. “Musika nobedadeak” atalak euskaraz idatzitako bi orri hartzen ditu, eta beste bi orri erdaraz idatziak. Euskarazko orrietan, Durangon ezagutu ditugun berrikuntza batzuek komentatzen dira: Ama Say, Ken Zazpi, Txuma Murugarren, Txinaurriak bilduma… eta bakoitzari buruzko iritzi labur bat eta haietako bat sakonago komentatuak datoz. Erderaz idatzitako orrian berriz, artista internazionalen diskoak daude (Chavela Vargas, Charlie Haden handia, Los delinqüentes…) eta hiru artista euskaldun: Ainhoa Arteta bere ingelesez kantatutako pop diskarekin, Pello Ramirez biolontxelista lan instrumental batekin eta Kepa Junkeraren azkena.

Beraz, distribuzio hau ikusita nire konklusio posibleak dira: Euskaldunoi ez zaigu interesatzen Euskal Herritik kanpora egiten dena, edo baliteke baietz, izan ere, guk espainolez irakurtzen ere badakigu. Apika latzagoa da: Euskaraz ez dakien jendeari (alegia erdarazko atala soilik irakurtzeko kapazak izango direnei) ez zaie interesatuko euskaraz egiten den musika, ez eta euskal musika ere salbuespenak salbuespen, ingelesez kantatua, instrumentala edo Kepa Junkeraren portada espantosodun diska berriaz ez bada. Edo agian euskaraz ezin daiteke euskalduna ez den beste musika bati buruz idatzi. Beste mila ondorio xelebre ere atera ditut, baina ez ditut hemen idatziko.

Kontua da nik uste dudala elebitasuna interes handiz erabilia dagoela kasu honetan, beste askotan bezala. Uste dut oraingoan ere euskaldunok hizkuntza komunitate edo hiztun talde bat baino gehiago gazteleraz esan ohi den “nicho de mercado” bat garela. Honela saltzen da euskal kultura. Elebitasunak hori du arriskutsu. Inoiz, edo apenas inoiz, da neutrala eta desinteresatua.

Nostalgia Durangon

Kontzeptu potoloa da niretzako nostalgia. Azkenaldian parez-pare egiten dut topo berarekin edozein izkinatan. Kaletik bakarrik noa eta konturatu orduko bi gara pasiatzen: Ni eta nostalgia. Txikitan eta gazte-gaztetan bizi izandakoak, ikusi izandakoak, sentitu izandakoak berriz bisitatzeak etxean sentiarazten gaitu, leku ezagunean. Aldaketa garaia denean nostalgiak bere agerraldirik onenak egiten dizkigu, gure instintu ezkuturen batek esango balu bezala: “Ez zaitez bide berri horretatik joan, badakizu gustoko duzula bide ezaguna”. Erresistentzia handia da gure gorputzean eta buruetan, gure bihotzak aldatu nahi duenean…

Agian hori gertatzen ote zaio euskal musikagintzari ere azkenaldian? Durangoko azoka dela-eta, bolo-bolo dabiltza nobedade ugari komunikabide eta magazinetan. Baina aurrekoan egunkari batean Durangorako nobedadeak gainbegiratzen ari nintzela konturatu nintzen nobedadeak ez zirela hain berri. Kaleratu diren diskoetatik asko eta asko konpilazio edo bildumak dira. Baina zerbaitek biziki jo zidan begietara. Berrargitalpen edo reedizioen kontua. Kortatu, Ruper, Cicatriz eta beste hainbaten lanak berriz argitaratuko dituzte biniloan. Ni binilozalea izanik eta garai horretako musika gustoko izanik (bueno, dena ez, Cicatriz kriston eskasak iruditu zaizkit beti), poztu beharko nintzateke horrelako berri baten aurrean. Ba ez, egia esan ez nau larregi pozten.

Badakit hor dagoela diskogintzaren krisia eta bla bla bla. Eta diskoetxe batzuek esango dute lan zaharrak argitaratzeak laguntza ekonomikoa ematen diela beste talde batzuen lan berriak argitaratzeko. Baina salbuespenak salbuespen, egia al da gero talde berri horien diskoak argitaratzen dituztela? Ez dakit, niri apur bat tristea iruditzen zait musika munduan inork beste inoren alde deus ematen ez duen garai hauetan garai zaharretako nostalgia piztu behar izatea diskoetxeak bizirik mantentzeko. Ez ote daude gauza interesgarriak aportatu ditzaketen talde gazteak? (Agian ez daude…) Euskal musikagintza erabat hankaz gora dagoelakoan nago, eta Durango dela horren adierazle garbia. Alde batetik sortzaileek beraien kabuz Ahotsenea bezalako guneak jartzen dituzte martxan eta beste aldetik inork ez du haien alde (bereziki sortzaile ez-kontsolidatuen alde) deus eman nahi. Gero azoka ia-ia ez dela burutu krisialdia dela-eta. Zer da baina azoka, saltoki hutsa?

Aspaldi honetan badaukat susmoa euskalgintzako hainbat sektore hausnarketa prozesuan dabiltzala, eta oso ondo deritzot. Musikagintzak eta literaturak ere hausnartu beharko lukete ziur aski. Baina ez “honek ez duelako dirurik ematen”, ez. Hausnartu beharko genuke ze nolako mesedea egiten diogun gure kulturari nostalgian eta ziurtatutako publikoa mantentzean oinarritutako politikak darabiltzagunean. Erronka berriak ditugu parean, eta beraz, bide berriak jorratu beharko ditugu. Bestela jai dugu. Bestela dena izango da nostalgia. Eta gainera, kalitate eskasekoa. Gaur eguneko nostalgia ez da garai batekoa bezalakoa. Lehen bai genekiela nostalgia zer zen. Lehengoa bai nostalgia!

Eraikitzen ari garaBlog hau eraikuntza prozesuan dago.