Category Archives: Musika

Ostegunean pintxopote eta biniloak

Ostegun honetan karrika tabernan izango naiz (aspaldiko partez, esango nuke gainera) oso Dj saio berezian. Ostegunetan eta “Back to black” izenpean antolatzen dituzte Dj saioak pintxo-pote (herri askotan egiten den kontu hori) ekimenari laguntzeko. Back to black saioetan biniloaz bakarrik pintxatzen da, garai zaharretan bezala, mp3, ordenagailu edo CDrik gabe. Ostegunean afterpunk, pop ilun eta new wave saioa egingo dut beraz, eta maleta ya bete dut The Cure, Complications, Chamelleons edo Stranglers bezalako taldeen diskoekin… Ederra izango da, seguro!

 

Uztailak 13an Eibarren Ibon RG-rekin berriz

Hau sorpresa gustagarria. Hurrengo uztailak 13an, asteazkena, Ibon RG-rekin batera arituko naiz berriz, oraingo honetan gure bigarren etxe den Karrika tabernan. Baina gauza hori baino konplikatu eta interesgarriagoa da. UEU-k (Udako Euskal Unibertsitateak) ikastaroa antolatu du Eibarren Uztzailak 12 eta 13-rako eta hortik gure emanaldia. Ikastaroaren izena “Auzolana eta Herrigintza. Bizimodu komunitarioak berpiztuz” da, eta beraz, auzolanaren ideiari jarraiki, ahalik eta inprobisazio-emanaldi partehartzaileena egiten saiatuko gara.

auzolan ikastaroa

Bide batez, laster izango dugu sarean aurrekoan guardetxean egin genuen emanaldi-inprobisazioaren grabaketa. Laster-laster.

Larunbatean Donostiko Guardetxean

Ohore handia niretzat esplikatzea Larunbat honetan, ekainak 4, kontzertua (inprobisazioa hobe esanda) eskainiko dudala IbonRG Bilboko musikari handiarekin batera Donostiako Guardetxean. Bertan Artoartian ekimenaren bosgarren urteurrena ospatuko da. Gure emanaldiaz gain, egun osoan zehar hainbat kontu egongo dira: Pasioa, bazkaria, siestorium-a… Eta amaitzeko emanaldiak: Aipatu bezala Okerreko+IbonRg, Fernalia eta Gora Japon. Kartel super-polita esango nuke nik.

Ezagutzen ez duzuenontzat, IbonRg Bilbotik datorren multimusikari eta pluriempleado bat da. Musika tresna piloa abilezia handiz manejatzen ditu, eta hori hainbat proiektu ta kolaboraziotan gauzatzen da: Eten, Le Noise, Gol Portero, Xabier Montoia… Era berean Kafea eta Galletak egitasmoaren antolatzaileetako bat da. Eta beste mila gauza ere. Eta bueno, larunbateko saioan arituko gara bera eta biok, ni kitarra eta pedaltxoekin eta bera ahotsa eta saxoarekin. Biok ere testu gutxi batzuk eskuetan hartuta. Ea zer pasatzen den… Ni behintzat oso pozik nago ya, berarekin saioa egiteko ideiarekin emozionatuta.

Tipo interesante itxura duen mutiko jator hau da Ibon:

Ibon RG

Artoartian Kartela

Kantu hori ez da zurea!

Ez da batere erraza Euskal Herriko txosna giroan Dj-a izatea. Niri tokatu zait lan zail zein gustagarri hori hainbatetan eta noski, horrek sortu ditu milaka istorio eta kontakizun. Haietako bat Eibarko San Juan jaietan gertatu zitzaidan: Ego Gain kalean txosnak zeuden jarrita eta bertan saio txiki bat egiten ari nintzen. Ohikoa den bezala, musika gehien euskaraz jartzen ari nintzen, eta une batean The Clash talde ingelesaren “London calling” kantua jarri nuen, klasiko bat. Hurbiltzen da gizon gazte bat, eta entzuten zuenarekin haserre, bizkaitar hizkera itxiaz esaten dit ea ez dudan “hemengo ezer” jarriko. Esan diot jartzen ditudala hemengo talde asko baina kanpoko talderen bat noizean behin ere. Baina harantzago noa eta galdetzen diot ea zer nahi duen entzun, zer den beretzat “hemengo” talde bat. Aipatzen dizkit hiru talde, eta, hara!, haietako bik gazteleraz kantatzen dute beraien errepertorio gehiena. Eta noski, nik erantzun, lanean -ergo, mozkortu gabe- dagoenaren abileziaz: “Beno, ba gazteleraz kantatzen duten talde horien eta The Clash-en arteko ezberdintasuna zein da ba?”, eta berak erantzun: “Behintzat horiek hemengoak dira”. Ezin errazago jarri zidan erantzuna. Oraintsu itxi duten Hilbehera tabernara hatzamarra zuzendu eta esan nion: “The Clash ere hemengoak dira, taberna horretan pasatzen dute egun osoa!”. Tipoak ez du ezer ulertu. Ez du axola.

Zergatik dakardan gogora istorio hau? Hurrengo igandean, apirilak 8, Eibarko Karrika tabernan nire lagun Normanduval-en bitartez “Kantu hau ez da zurea” espektakulua aurkeztuko dudalako. Bertan, gitarra eta ahotsaz lagunduta, Normanek hainbat kanta aurkeztuko dizkigu, bere esanetan “gure bizitzako soinu bandaren zatiak” direnak. Eta euskal rock eta pop tradizio onena berreskuratzeaz apur bat aspertuta, kantatuko dituen kantu gehienak “ez dira hemengo taldeenak”. Edo bai?

Gu ez omen ginen globalizazioaren garaian hazi. Gu gaztetxo ginenean (ez da hainbeste denbora) ez zegoen sare sozialik, are gehiago, internetik ez zegoen edo zurrumurru hutsa zen, eta bideo-joko gehienak bi koloretan ziren. Ez geneukan (gaur bezala) munduko musika gehiena eskuragarri. Baina horrek ez du esan nahi eguna Pantxoa eta Peio edo Exkixu entzuten ematen genuenik. Gure arreba nagusiek, izebek eta lagunek egina zuten jada bidea Londreseko disko-dendetara, The Clash, Anti-Pasti edo Redskins-en diskoen bila. Gure anai-arreba ertainek bazekiten posta zerbitzua (betikoa, hori koloreko postontziak dituena) ondo erabiltzen, Estatu Batuetatik zetozen Victims Family edo , Bad Religion edo Fugaziren diskoak lortzeko. Grabatu zizkiguten kasetean Billy Bragg eta Depeche Mode-ren diskoak eta lapurtu genituen Eroskiko apaletatik Neil Young bezalako gauza klasikoagoak. Beraz, ez ginen ez isolaturik bizi.

Aipatu ditudan talde asko ez ziren oso kantagarriak, baina hala ere, ez genion berauek kantatzeari muzin egiten. “In de güeirin rum!” abesten genuen Fugazirekin, jakin gabe noski “in the waiting room”, itxarongelaz ari zela. “Ran, ran, agüanarran!” The Clashekin, gerora “white riot, I want a riot”, txuri matxinadaz ari zela jakin genuen. Eta kultura horretan hezi ginen, eta horretan gaude oraindik ere, lotsarik gabe, ingeles (eta frantses, edo alemaniar) maila ezberdinekin, baina lotsa gabe gure talde gogokoenen kantuak kantatzen. Chumbawamba taldeak dioen bezala: “We didn’t know the words but still we sang along”, ez dakizkigu letrak, baina hala ere kantatzen ditugu! Honela egin genituen, -eta egiten ditugu- talde horiek “hemengo”. Zer esanik ez, euskaraz kantatzen duten taldeekin lotura bestelakoa da, hizkietan esaten duena hobe ulertu eta gustu handiagoz kantatu dezakegu, nahiz eta batzuetan ez den komeni jakitea zer kantatzen duten taldeek… Baina hori beste kontu bat da.

Besteen kantuak jotzea, bertsioak egitea alegia, oso modan jarri da azkenaldian. Horri erantzunez, edo nolabaiteko kritika eginez (ahaleginik eskatzen ez duen heinean, sortzailea ez den heinean, ezer berririk ez dakarren heinean), sormena eta sorkuntza aldarrikatu dituzte hainbatek. Nik ez ditut sormena, sorkuntza eta beste monja guzti horien bertute eta garrantziak ukatuko, baina uste dut kantuak badituela hainbat funtzio, eta ez bakarrik bere burua kantu-sortzaile edo artistatzat duen horrentzat. Kantuan denok har dezakegu parte, baldin eta artista-publiko harremana norabide bakarrean ulertzen ez badugu.

Honetarako, kantu ezagunak jotzea, bertsioak alegia, bidea errazteko modu bat izan daiteke kantu ezagunik egin ez ditugunontzat. Ondo edo gaizki entonatuz, ahoskatuz edo erritmoa eramanez, denon artean kantatzen dugunean lortzen dugulako indar berezi bat, kantuaren izaera kolektiboa, terapeutikoa eta ospakizunezkoa berreskura ditzakeena.

Hori da asmoa “Kantu hau ez da zurea” espektakuluarekin. Denon artean kantatzea (kasu honetan, kanta asko ingelesez izanik, “Aguatxugüeri” hizkuntzan kantatzea gomendatzen da), gure kantuak izan ziren eta oraindik ere badiren horietaz disfrutatzea. Ahal den heinean irribarrez egitea kantuaren bila egiten den bide hori, eta bertatik lehen baino pittin bat zoriontsuago ateratzea. Horretarako, noski, ez zaudete soilik gonbidatuta, are gehiago esango nuke, zuen presentzia eskertuko genuke.

Hona hemen emanaldirako kartela:

Kantu Hori Ez Da Zurea kartela

Elebikeriak

elkar

Agian izenen bat jarriko didate hau esateagaitik, baina nik gorroto ditut elebitan idatzitakoak. Liburuen edizio elebidunak, aldizkari elebidunak, anuntzio, pankarta eta kartel elebidunak… Ez ditut agoantatzen. Eta ez dut esaten ez direnik beharrezkoak askotan, ez diotenik bidea irekitzen euskalduntzeari, ez. Oso ondo deritzot Aekak (ez dakit nola idatzi hau, AEK-k, AEKk edo nola…) bere matrikulazio kanpaña abiatzean publizitatea euskaraz zein erdaraz (Frantzes edo Espainiarrez) egitea. Euskaraz ulertzen ez duten horiei ere zuzentzen zaizkie, eta hori beharrezkoa da.

Baina uste dut (eta hainbat autorek horrela adierazi dute) elebitasun hitzak ez duela zentzu askorik gure herri txiki honetan. Diglosia hitza bereganatu dute hainbatek fenomeno hau esplikatzeko. Hau da, ele bat baino gehiago dauzkagu Euskal Herrian, baina hauek non eta nola erabili ez dago gure aukera askearen esku. Hizkuntza bakoitzak bere eremu espezifikoak ditu eta biak (edo hobe esanda haietako bat, asmatu zein) ezin daitezke edonon eta edonoiz erabili. Bueno, hau oso xinpleki azalduta.

Baina zertara datorren kontu guzti hau? Duela egun batzuk etxean jaso dugu Elkar liburu eta disko etxeak argitaratzen duen aldizkariaren 22. zenbakia. Nik egia esan ez nuen inoiz ikusia aldizkari hau, baina ikusi dudanak dexente harritu nau. Aldizkari bilingüe hoietako bat dela esan dezakegu, euskaraz zein espainiarrez hainbat liburu eta diskoren berri eman eta artikulu eta elkarrizketa batzuk dakartzana.

Ni literatura mailan oso aditua ez izanik, musika atalean topatutakoaz harritu naiz gehiago. “Musika nobedadeak” atalak euskaraz idatzitako bi orri hartzen ditu, eta beste bi orri erdaraz idatziak. Euskarazko orrietan, Durangon ezagutu ditugun berrikuntza batzuek komentatzen dira: Ama Say, Ken Zazpi, Txuma Murugarren, Txinaurriak bilduma… eta bakoitzari buruzko iritzi labur bat eta haietako bat sakonago komentatuak datoz. Erderaz idatzitako orrian berriz, artista internazionalen diskoak daude (Chavela Vargas, Charlie Haden handia, Los delinqüentes…) eta hiru artista euskaldun: Ainhoa Arteta bere ingelesez kantatutako pop diskarekin, Pello Ramirez biolontxelista lan instrumental batekin eta Kepa Junkeraren azkena.

Beraz, distribuzio hau ikusita nire konklusio posibleak dira: Euskaldunoi ez zaigu interesatzen Euskal Herritik kanpora egiten dena, edo baliteke baietz, izan ere, guk espainolez irakurtzen ere badakigu. Apika latzagoa da: Euskaraz ez dakien jendeari (alegia erdarazko atala soilik irakurtzeko kapazak izango direnei) ez zaie interesatuko euskaraz egiten den musika, ez eta euskal musika ere salbuespenak salbuespen, ingelesez kantatua, instrumentala edo Kepa Junkeraren portada espantosodun diska berriaz ez bada. Edo agian euskaraz ezin daiteke euskalduna ez den beste musika bati buruz idatzi. Beste mila ondorio xelebre ere atera ditut, baina ez ditut hemen idatziko.

Kontua da nik uste dudala elebitasuna interes handiz erabilia dagoela kasu honetan, beste askotan bezala. Uste dut oraingoan ere euskaldunok hizkuntza komunitate edo hiztun talde bat baino gehiago gazteleraz esan ohi den “nicho de mercado” bat garela. Honela saltzen da euskal kultura. Elebitasunak hori du arriskutsu. Inoiz, edo apenas inoiz, da neutrala eta desinteresatua.