Bi ekitaldi ikusi nituen oso denbora gutxian

Nor ez dago urduri egunotan (urteotan esan beharko nuke again) Euskal Herri honetan gertatzen diren hainbat konturekin? Again “urduri” ez da hitza, “adi” esan beharko nuke gehiago. Uste dut urduri egoteko arrazoi eta motiboak ez direla hainbeste. Azken finean, zenbat aldiz pentsatu izan dugu gure herriaren egoerak jira ikaragarria eman behar zuela egun batetik bestera? Askotan, nik behintzat, eta Peter Pan sindromeak sindrome, gaztea naiz oraindik.

Adi egoteko motiboak egon badaude, ordea. Gauzak aldatzen ari dira, eta asko. Hemen eta beste edonon eta etengabe. Adi egotea eskatzen digu egoera sozialak, egoera politikoak. Bueno, kontua da adi egote horretan, bi ekitaldi ikusi ditudala oso denbora gutxian. Lehenengoa Soraluzen burutu zen Matxinsalto eguneko egitarauaren baitan, bigarrena Aberri Eguneko ospakizunetan Gernikan eguerdian egindakoa.

Nik jada ez dakit oso ondo zein den halako ekitaldi baten helburua, hainbeste nahastu dira gauzak, hainbeste nahastu dituzue, posmodernook. Baina jakin badakit beraien arteko ezberdintasunak (ezberdintasun logikoetaz aparte) asko (eta baliteke larregi) zirela.

Soraluzekoa ekitaldi ausarta eta desastrea izan zen. Baliabide teknikoek (mikroek, soinuak…) kale egin zuten hainbatetan halako kasuetan askotan gertatzen den bezala. Baina hala ere ekitaldia ederto ulertu zen. Ez dut deskribatuko, hobe begiratu hemen:

Bueno, kontua da ekitaldiak egunean zeharreko aldarrikapenari ondo erantzuten ziola. Oso polita izan zen egun osoan zehar ikustea nola zintzilik zeuden pankartetan lema eta mezuak berriak ziren, ez agian berritzaileak (ez dugu halakorik behar) baina bai berriak, betikoak ez behintzat. Irudimenez paratuak, behintzat. Ekitaldiak ere horri jarraitzen zion. Ziur aski ez zituen betiko gauzak esaten, eta ziur ez zituen betiko bezala esaten. Eta gainera nolabait partehartzailea izan zela iruditu zitzaidan, jendea saltoka, oihuka…

Tontoa neu, emozionatu egin nintzen, eta handik 36 ordutara Gernikan nengoela Independentistak sareak (oso ondo) antolaturiko eguerdiko ekitaldia ikusten (Txalaparta-Aurkezle-Bertsolari-Bertsolari-Aurkezle-Musikari-Aurkezle-Hizlari-Aurkezle-Musika, fini) faltan bota nuen berrikuntza apur bat besterik ez bada ere. Garai berriak omen dira, baina hemen ekitaldiak ia-ia Telesfororenak bezalakoak izaten jarraitzen dute…

Eta asko haserretuko ninduke pentsatzeak adin kontua dela. Alegia, gazteek egin ditzaketela halako ekitaldi irudimentsuak badakitelako beste gazteek ulertu eta gustoko dituztela. Eta publiko orokorrari zuzendutakoak berriz, ba era klasikoan egiten dira inor asaldatu ez dadin. Ba nik uste dut ezetz. Apika larregi esatea da, baina esango nuke hainbat jende ez-hain-gaztek gustora ikusi edo entzungo zukeela zerbait berria ekitaldi horietan. Ez dela gazteria goraipatu behar edozertarako prest dagoen “publiko” bezala, baizik eta badela garaia denon artean bestelako lengoaia kolektibo bat sortzeko ekitaldi politikoen inguruan. Bestela, baliteke nor edo nor aspertzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>