Hiru hitz: Denbora, hitzak, ametsak

Nola denboria dan gauza misteriotsua. Batzuek esaten dabe denboria deabrua dala. Beti agerixan egon nahi daben deabrua, bere burua zure parian agertu nahixan. Konbentzitu nahixan moduan existitzen dala, zeure barnian dauala. Zu zeu be beria zarala, ta ez zeure baittakua. Bihotzak ordea, eratzuten omen dotsa, haretaz nazkauta: “Espero dot ilargixak ohertauko nabela eta eguzkixak esnatu, ta alderantziz bada, kulpa barik izan deixala.” Posible al da denboriari denbora zati bat lapurtzia, ez betirako, baizik eta inoizko gordetzeko bihotzaren albuan, segundu bakar batzuez izan gabe egon ahal izateko?

***

Hitzak asmakizun malapartatua dirala. Bakoitzak nola dastatu, hala irentsi eta botatzen omen dittuela diñue. Batzutan bihotzetik oso urrun, buruan autopistetan galtzen diran automobil zaharrak dira. Batzuek istripua izan eta bide bazterretan geratzen diraz, auskal noiz arte, abandonaturik, inolako egunkari edo afitxetan euren itzuleraren aldeko aldarrikapenik iñork argitaratu barik. Beste batzutan astiro-astiro, auzo errepidetatik eta asfaltau bariko pistetatik tripa barruetatik ahoraino doiazen bizikletak dira hitzak. Batzutan abiapuntutik helmugarako bidian kolorez be aldatu ahal dabe…

***

Ingelesek “daydreaming” hitza erabiltzen dabe egunian zihar esnarik gauzela ametsetan eittian ariketia izendatzeko. Ba ote dakagu halako hitzik euskaraz? Egunargiz eindako ametsek gehixen betetzen nabe azkenaldixan. Gabaz dana errealitatetik gertuei dauala iruditzen jata. Esnatuta pasatzen dittudazen gabetan, kale ta tabernatan, are gertuago. Autodeterminaziño eskubidia subiranotasun handixuakin erabiltzen dabe nere ametsek egunez, “daydreaming” eitten nabilenian.