DVJ Okerreko

Posible al da musikaren bitartez mundua aldatzea? Ziur aski ez. Posibleago izanen da munduaren bitartez musika aldatzea. Hori bai gertatzen dela egunero. Okerreko duela urte dexente hasi zen musika jartzen. Ez bere burua DJ-tzat zuelako, baizik eta sosak diskatan xahutzen zituelako, eta beraz, musika lepo gordetzen zuelako etxean eta buru barnean. Gaztetxeak, tabernak, txosnak, jaiak… Horiek guztiak izan dira bere eremu noizbait.

Baina negozio gogorra da musika jartzailearena. Mugak jartzea zaila egiten da. Nun daude mugak gustoko dugunaren eta jendeak nahi duenaren artean? Nun daude mugak jendeak ezagutzen duen musika eta aukera bat merezi duten talde eta musikarien artean? Galdera guzti hauek erantzuten saiatuz, OkerrekO konturatzen doa DJ izatea oso kontu politikoa dela. Hartu beharreko erabakiak ugari dira. Izan ere, jendeak ezagutzen eta dantzatzen duen musika orokorrean irratiko musika komertziala izan ohi da. Saioetan hori soilik jarriz gero, nola ezagutuko du jendeak inoiz deus berririk? Hau bezalako mila galdera egin ondoren zera egin ohi dut normalean:

-Era guztietako musika jarri (niri hala gustatzen baitzait)

-Gustoko ez dudan ezer ez jarri (nor izango nintzateke bestela)

-Euskal Herrian nagoelarik behintzat, nagusiki euskarazko musika jarri.

-Ahal dela enpresa handiek ekoiztutako musika ekidin (nahiz eta batzutan The Clash edo Lady Gaga kolatzen diren)

-Jendeak eskatzen dituen kantak jarri soilik maitasunez eskatzen badituzte, eta baldin badauzkat.

-Letra sexista, homofobo edo txungitoak dituzten kantak alboratu eta mezu interesgarri edo politak dituztenak probestu.

-Arau guzti hauek hankaz gora jarri unean bertan hala erabakitzen badut.

Ikusten nola DJ izatea gauza konplikatua den? Baina ez teknikoki, ez, bestela! Azkenaldian eta bere espektakulilloa apur bat indartu asmoz irudi proiektore bat edo birekin lagunduta irudiekin laguntzen ditu musika saioak. Entzulearen esperientzia ikuslearena ere izan dadin eta mezu batzuk musikaz soilik baino are garbiago eman ahal izateko, edo agian soilik modan dagoelako, auskalo.