Tag Archives: reedizioak

Zuena da nostalgia, nazkagarriak!

Nostalgia Durangon

Kontzeptu potoloa da niretzako nostalgia. Azkenaldian parez-pare egiten dut topo berarekin edozein izkinatan. Kaletik bakarrik noa eta konturatu orduko bi gara pasiatzen: Ni eta nostalgia. Txikitan eta gazte-gaztetan bizi izandakoak, ikusi izandakoak, sentitu izandakoak berriz bisitatzeak etxean sentiarazten gaitu, leku ezagunean. Aldaketa garaia denean nostalgiak bere agerraldirik onenak egiten dizkigu, gure instintu ezkuturen batek esango balu bezala: “Ez zaitez bide berri horretatik joan, badakizu gustoko duzula bide ezaguna”. Erresistentzia handia da gure gorputzean eta buruetan, gure bihotzak aldatu nahi duenean…

Agian hori gertatzen ote zaio euskal musikagintzari ere azkenaldian? Durangoko azoka dela-eta, bolo-bolo dabiltza nobedade ugari komunikabide eta magazinetan. Baina aurrekoan egunkari batean Durangorako nobedadeak gainbegiratzen ari nintzela konturatu nintzen nobedadeak ez zirela hain berri. Kaleratu diren diskoetatik asko eta asko konpilazio edo bildumak dira. Baina zerbaitek biziki jo zidan begietara. Berrargitalpen edo reedizioen kontua. Kortatu, Ruper, Cicatriz eta beste hainbaten lanak berriz argitaratuko dituzte biniloan. Ni binilozalea izanik eta garai horretako musika gustoko izanik (bueno, dena ez, Cicatriz kriston eskasak iruditu zaizkit beti), poztu beharko nintzateke horrelako berri baten aurrean. Ba ez, egia esan ez nau larregi pozten.

Badakit hor dagoela diskogintzaren krisia eta bla bla bla. Eta diskoetxe batzuek esango dute lan zaharrak argitaratzeak laguntza ekonomikoa ematen diela beste talde batzuen lan berriak argitaratzeko. Baina salbuespenak salbuespen, egia al da gero talde berri horien diskoak argitaratzen dituztela? Ez dakit, niri apur bat tristea iruditzen zait musika munduan inork beste inoren alde deus ematen ez duen garai hauetan garai zaharretako nostalgia piztu behar izatea diskoetxeak bizirik mantentzeko. Ez ote daude gauza interesgarriak aportatu ditzaketen talde gazteak? (Agian ez daude…) Euskal musikagintza erabat hankaz gora dagoelakoan nago, eta Durango dela horren adierazle garbia. Alde batetik sortzaileek beraien kabuz Ahotsenea bezalako guneak jartzen dituzte martxan eta beste aldetik inork ez du haien alde (bereziki sortzaile ez-kontsolidatuen alde) deus eman nahi. Gero azoka ia-ia ez dela burutu krisialdia dela-eta. Zer da baina azoka, saltoki hutsa?

Aspaldi honetan badaukat susmoa euskalgintzako hainbat sektore hausnarketa prozesuan dabiltzala, eta oso ondo deritzot. Musikagintzak eta literaturak ere hausnartu beharko lukete ziur aski. Baina ez “honek ez duelako dirurik ematen”, ez. Hausnartu beharko genuke ze nolako mesedea egiten diogun gure kulturari nostalgian eta ziurtatutako publikoa mantentzean oinarritutako politikak darabiltzagunean. Erronka berriak ditugu parean, eta beraz, bide berriak jorratu beharko ditugu. Bestela jai dugu. Bestela dena izango da nostalgia. Eta gainera, kalitate eskasekoa. Gaur eguneko nostalgia ez da garai batekoa bezalakoa. Lehen bai genekiela nostalgia zer zen. Lehengoa bai nostalgia!